Nolakoa zen Araba 2001ean? Orain 1:10.000 eskalako kartografia kontsultatu eta deskarga dezakezu - geo
- GeoAraba
- Abisuak

GeoAraba
Nolakoa zen Araba 2001ean? Orain 1:10.000 eskalako kartografia kontsultatu eta deskarga dezakezu

GeoArabak 2001. urteko Arabako kartografia gehitu du Geotekan. Informazio geografiko historikoaren iturri berri horri esker, duela 25 urte Arabako lurraldea nolakoa zen ezagutu eta gaur egungo egoerarekin alderatu daiteke.
Kartografiak aukera ematen du Arabako lurraldea garai hartan nola zegoen konfiguratuta jakiteko eta egungo egoerarekin alderatzeko, azken hamarkadetan izandako aldaketei buruzko ikuspegi bereziki interesgarria eskainiz.
Zer azter dezakegu?
- Arabako udalerri eta herriguneen hiri- eta bizitegi-hazkundea. Adibiderik nabarmenenetako bat Gasteizen ikus daiteke, bereziki Salburua eta Zabalgana eremuetan, horien hiri-eraldaketa batez ere ondorengo hamarkadetan garatu baitzen.
- Industria- eta logistika-eremuen bilakaera, lehendik zeuden industrialdeen hedapenarekin eta gune berrien agerpenarekin. Ribabellosa eta Arasur ingurua lurralde-eraldaketa horren adibide adierazgarria da.
- Bide-sarearen eraldaketa, errepide, saihesbide, lotune eta sarbide berrien eraikuntzarekin. Aldaketa esanguratsuenen artean, Lukuko AP-1a, Iruña Okako N-Iaren eraldaketa edo Dulantziko saihesbidea ikus daitezke.
- Landa-eremuetan izandako aldaketak, bideen eta lurraldearen erabileren bilakaera barne, baita ureztaketarako urmael berrien sorrera ere.
- Herrigune txikien bilakaera, haien mugak, eraikinak eta ingurunearekiko harremana nola aldatu diren ezagutzeko aukera emanez.
2001eko kartografiaren interesa are handiagoa da GeoAraban eskuragarri dauden beste iturri historiko batzuekin konbinatzen denean, hala nola garai desberdinetako ortoargazkiekin eta kartografiekin. Horrela, toki jakin baten bilakaera alderatu eta aztertu daiteke.
Kontsultatu eta deskargatu 2001eko 1:10.000 eskalako kartografia GeoArabako Geotekan, eta ezagutu azken mende-laurdenean Arabak izan duen bilakaera.
